EUDEL Euskadiko Udalen Elkartea Batzar Orokor baten bitartez egituratzen da organikoki, eta, gutxienez, urtean behin biltzen da. Bertan, elkarteko kide diren udal guztiak daude ordezkatuta, alkatea bozeramaile dutela. Hauteskunde prozesu bakoitzetik etorritako Toki Korporazioak modu eraginkorrean osatu ondoren, Batzar Orokorrak honako organo betearazle hauek aukeratzen ditu: Batzorde Eragilea eta hiru Lurralde Batzordeak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa).
EUDELen egiturari buruzko informazio osoa erakundearen webguneko “EUDEL – Egitura” atalean dago eskuragarri.
Gaur egun, EUDELen zuzendari nagusia Mª del Mar Zabala Mardaras da.
Erregimen ekonomikoa
Elkarteburuak ez du ordainsari edo konpentsaziorik jasotzen bere karguari dagozkion funtzioak gauzatzeagatik.
EUDELek ez du ibilgailu propiorik entitatearen zerbitzura.
EUDELen Estatutuetako 24. artikuluaren arabera, Batzorde Eragileko eta Lurralde Batzordeetako ordezkariek ez dute inolaz ere asistentziengatiko dietarik jasoko, euren udalean arduraldi esklusiboko ordainpeko araubiderik badaukate.
Estatutuetako 25. artikuluaren arabera, Batzorde Eragileko eta Lurralde Batzordeetako ordezkariek kargurako arduraldiagatiko ordainsariak jaso ahal izango dituzte, betiere, euren udalean arduraldi esklusiboko ordainpeko araubiderik ez badaukate. Batzorde Eragileak proposatuta, Batzar Orokorrak zenbatekoa eta arduraldi-araubidea zein diren onartu beharko du. Ordainsaririk jasoz gero, Gizarte Segurantzako araubidean hartu beharko da alta, eta ezin izango da asistentziagatiko dietarik jaso.